Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

Iruñerriko Ibai Parkea


2025ean Ibai Parkea mantentzeko egin ohi diren jarduerak egin dira, bai hiri-ingurunean bai eta landa-ingurunean ere, eta mantentze-lanak eta zerbitzua era egokian garatu dira.    

Gorabehera klimatologikoekin lotuta, ekainean abiadura handiko haize-boladak erregistratu ziren (70 – 60 km/h), eta kalte esanguratsuak eragin zituzten, adarrak eta zuhaitzak erortzeari dagokionez. Horrek behartu zuen lanak egin behar izatera, pasealekua berriro ireki ahal izateko.  

Urtarrila eta otsaila baliatu dira hainbat lan egiteko: inausketa-lanak, landatzeak eta hutsuneak ordezkatzea, putzuak errepasatzea, garbiketa orokorra egitea udazkeneko hostoak erori ondoren, hainbat gorabeheratan hautsitakoak konpontzea, adibidez, Arreko Hirutasuneko Zubiko zubi-begia garbitzea. Ibaiaren igarobidea buxatzen da eta nabarmen handitzen du uholde-arriskua.

Ibai Parkeko fauna aztertzen jarraitzen da. Hain zuzen ere, arreta berezia jarri da alderdi hauetan: Asiako liztortzarraren presentzia, habia-kutxak jartzea apo-hontzentzako eta jarraipena egitea kastore europarrari, Arga eta Ultzama ibaiertzetako zuhaitzetan dituen ondorioengatik. Zehazki, kalte gehien erregistratu dituzten udalerriak Atarrabia, Uharte, Barañain eta Ezkabarte izan dira. 

Ibai Parkeko fauna ezagutzeak ahalbidetzen du fauna hori Ibai Parke osoan zaindu eta babestea lagunduko duen espazioaren kudeaketa-modu bat hartu eta erabakitzea. 

Apiril, maiatz eta ekainean, ibai-parkeko belarra mozteko lanak egiten jarraitu da. Denbora gehien eskatzen duen lana izan da, kontuan izanda, gainera, udaberria oso euritsua izan dela. Txakurrak aske ibiltzeko guneei errepaso orokor bat eman zaie, berariazko zakarrontziak kokatuta, eta arratoientzako zepoak jarri dira Orikaingo hondartza edo eremuan.

 Ibai Parkean egindako obrak direla-eta, hauek nabarmendu behar dira:  

  • Azaroan eta abenduan, ibaiertzak lehengoratzeko obrak egin ziren, bioingeniaritzako lanak eginez Elortz ibaian, Ríos Viejos aldean Galarren, eta Arga ibaian, Olloki (Esteribar) inguruan. Bi jarduketa horiek Rural Kutxaren Gizarte Ekintzako funtsen bidez finantzatu ziren.  
  • Ibai Parkea handitzeko obrak gauzatu ziren, Ibero-Etxauri zatian, barne hartuta irin-fabrika zaharra eraistea eta zaldain bat eraikitzea. Zenbatekoa 950.000 eurokoa izan zen, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik etorritako diruarekin finantzatuta.
  • Landabengo zubiarekin lotzeko eta ingurunea egokitzeko obrak amaitu ziren.   
  • Zizur Txikiko bidegorri berriarekin lotzen den oinezkoentzako pasagunea egokitu zen. 
  • Uharteko Txubindoa zaldainean, mantentze-lanak egin ziren, profilak ordeztu, granailaketa eginez eta oholtza berriro jarriz.  

Halaber, Ibai Parkean egin diren bi azterlan nabarmendu behar dira:

  • Azpiegiturek, besteak beste Ibai Parkeak, bertako faunarengan duten eragina ebaluatzeko azterlana. Azterlan hau ere Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik etorritako diruarekin finantzatu zen.
  • Ibai Parkeko floraren azterlana. Azterlana 2025ean hasi zen, eta aurreikusita dago 2026an amaitzea. Xedea da floraren egungo egoera ezagutzea, eta bai egon litezkeen espezie inbaditzaileak ere, eta, hala, faunarekin bezala, flora horrekin bateragarria den tokiaren kudeaketa-neurriak ezartzea.

Ezkabako Eskualde Parkea


Proiektu hau abian jarri da, behin Mankomunitateak esparruko udalerrien eskumenak kudeatzea IZSAri agindu dionean, ekainaren 20an Batzar Nagusiak egin zuen saioan hartu zen akordioaren ondoren. 

Zehazki, urtean zehar jarduketa hauek egin dira:  

  • Bideak, nagusiki bizikletaz ibiltzekoak, garbitzeko eta mantentzeko lan-saioak antolatzea.
  • Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, suteen azterlan osoa amaitu da Ezkabako Eskualde Parkerako.
  • Jarduketak lehenetsi dira, hartara, 2026an gauzatu ahal izateko.
  • Gorabeherei aurrea hartzeko neurrietako beste bat da Ezkabako Eskualde Parkearekin mugakide iren alorren erabiltzaile eta jabe diren nekazariekin lantalde bat sortzea, uztaren ondoren mendia babesteko, suteen arriskuaren aurrean. 
  • Antsoaingo herri zaharreko bidea konpontzeko jarduketak gauzatu ziren 2025eko ekainean.  
  • Urrian, urteko bilera egin zuten Ezkabako Eskualde Parkearen esparruko kide diren udal eta kontzejuekin.
  • Urriaren 26an, Ezkaba mendia garbitzeko auzolana egin zen. Hain zuzen ere, 140 pertsonak parte hartu zuten eta 350 kilogramo zabor bildu ziren.