Para ver el contenido completo de las tablas, desplácelas horizontalmente.

2030ean IM eta IZSAren karbono-neutraltasuna lortzeko estrategiaren jarraipena

Duela hamarkada batetik baino gehiagotik, Iruñerriko Mankomunitateak konpromiso sendoa du ingurumen-iraunkortasun edo -jasangarritasunarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin, eta horretarako, progresiboki murrizten ari da ematen dituen zerbitzu publikoen kudeaketan sortzen dituen berotegi-efektuko gasen isurpenak edo emisioak. Testuinguru horretan, 2030ean karbono-neutraltasuna lortzeko estrategia erreferentziazko esparrua da Europako, Estatuko eta autonomietako helburu klimatikoekin lerrokatuta dagoen kudeaketa-eredu baterantz aurrera egiteko.

Jarraipenaren emaitzek erakusten dute emisioek argi eta garbi egin dutela beherantz oinarri-urtearekiko, 2014arekiko. Aztertutako azken urteetan, IMk % 30etik gertu dauden murrizketa metatuak lortu ditu, eta, hortaz, berretsi egin da jada ezarrita dauden neurrien eragin positiboa. 

Hasierako egoera teorikoaren eta 2025eko berrikuspenaren arteko analisi konparatiboak agerian utzi du aurreikusitako murrizketa-bidea egokitu egin behar dela, nagusiki Elortzen Iruñerriko Ingurumen Zentroa lanean hastean egon den atzerapenarengatik (2026rako aurreikusia) eta bai esleitutako bilketa-kontratu berriari atxikitako bilketa-ibilgailuak gas berriztagarrira igarotzean egon den atzerapenarengatik ere. Berrikuspenak ez dakar berekin anbizio klimatikoa galtzea, baizik eta epeen doitze errealista bat, 2030erako karbono-neutraltasuna lortzeko azken helburuari eutsiz. 

Jarduera-esparruen arabera, Eskualdeko Hiri Garraioak aldeko bilakaera du, flota berritzeari lotutako murrizketa esanguratsuak izanda eta 2025-2030 aldian potentzial gehigarri handia izanda. Uraren Ziklo Integralak estrategiarekiko lerrokatze-maila handia du, emisioak maila baxuetan egonkortuta, elektrizitate berriztagarria erosteari eta eraginkortasun energetikoan egin diren hobekuntzei esker. Hondakinetan (bilketa eta tratamendua) daude denborazko desbideratze nagusiak, nahiz eta, aldi berean, etorkizunean murrizteko potentzial handiena horretan dagoen, bereziki IIZ abian jartzen denetik eta bilketarako gas bidezko ibilgailuak erabiltzen hasten denetik aurrera. 

NEUTRALTASUNAREN BILAKAERAREN GRAFIKO KONPARATIBOA

Estrategiaren betetze-maila oso pozgarria da. Nahiz eta murrizketa intentsiboenen zati bat plangintzaren bigarren erdian metatuta dagoen, jada hasita dauden jarduketek eta gauzatzen ari garen proiektu estrategikoek ahalbidetzen dute 2030ean karbono-neutraltasuna lortzeko helburua lorgarritzat jotzea. 

Klima-aldaketa arintzea eta horretara egokitzea indartzera bideratutako gomendio hauek proposatu dira, erregai fosilak baztertzea bizkortzeko, biogasa aprobetxatzearen bidez energia-autosufizientziarantz aurrera egiteko eta lurraldean egokitzeko proiektuak eta karbono-hustulekuak bultzatzen jarraitzeko beharra nabarmenduta. 

Klima-aldaketa arintzea

  • Erregai fosilak baztertzearen aldeko apustu sendoa.
    Energia-eredu deskarbonizatu bateranzko trantsizioa sendotu eta bizkortzea gomendatzen da, IMren jarduera-esparru guztietan erregai fosilak progresiboki baztertzearen bidez. Jarduteko ildo hau bereziki estrategikoa da Eskualdeko Hiri Garraioan, hondakinak bildu eta garraiatzeari lotutako flotan eta erakundearen beraren ibilgailuetan. Esparru horiek, hain zuzen, karbono-aztarnaren zati adierazgarri bat metatzen dute. Horrenbestez, gasolioaren mendekoak ez diren teknologietarantz berritzea flotak berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurririk eraginkorrenetako bat da. 
  • Energia sortzea eta energia-autosufizientziarantz aurrera egitea. 
    Energia berriztagarria sortzerantz eta energia-autosufizientziarantz bideratutako proiektu estrategikoak daude abian, bai eraikinen eta instalazioen esparruan eta bai mugikortasunekoan ere. Testuinguru honetan, garrantzi berezia hartzen du Iruñerriko Ingurumen Zentroan (IIZ) sortutako biogasa araztu eta aprobetxatzeko proiektuak, erregai moduan erabiltzeko kamioien eta autobusen flotan. Epe luzera, eta IIZko proiektuaren esperientziarekin, baloratu egingo da Aratzuriko Hondakin Uren Araztegiko (HUA) biogasera hedatzea. Jarduketa-ildo honek hondakinen kudeaketaren, uraren ziklo integralaren eta garraioaren arteko sinergiak sortzeko bidea ematen du, ekonomia zirkularraren eredua eta emisioen egiturazko murrizketaren eredua indartuz.

Klima-aldaketara egokitzea

  • Karbono-hustulekuen proiektuak

Klima-aldaketara egokitzearen esparruan, lurraldearen erresilientzia handitzera eta Iruñerrian karbono-hustulekuak indartzera bideratutako proiektuak sustatzen jarraitzea gomendatzen da, proiektuen egungo estrategiari jarraituta gehigarritasunarekin. 

  • Egokitzeko proiektuak garatzen jarraitzea

Bereziki, estrategikotzat jotzen da berdeguneak kontserbatu, mantendu eta hobetzeko jarduketak indartzean garrantzia jartzen jarraitzea, arreta berezia jarrita Iruñerriko Ibai Parkean eta Ezkabako Eskualde Parkean. Izan ere, toki horiek eginkizun giltzarria dute bai karbonoa harrapatzean, bai eta muturreko egoera eta gertaera klimatikoen aurrean egokitzean, biodibertsitatea hobetzean eta biztanleriaren ongizatean.